sábado, 9 de febrero de 2008

AMERIKAREN USTIAPENAK ETA EUROPAKO ALDAKETA EKONOMIKOAK(3)



Merkataritza kapitalismoarekin batera, monarkia edo herrialdeen indar politikoa bermatzen zuen teoria (edo politika) ekonomikoa zabaldu zen Europan, merkantilismoa hain zuzen. Aberastasunak ahalik eta gehien pilatzea zuen helburu. Izan ere, Estatu absolutuek finantza baliabide handiak behar zituzten: ejertzito iraunkorra eta itsas armada mantentzeko, administrazioa eta funtzionarioak ordaintzeko, kanpoko gerrei ekiteko eta gorteetako luxua sostengatzeko. XVI. mende inguruan sortu eta XVII.ean garatu zen Europako monarkietan.

Merkantilismoa izeneko politika ekonomikoa bi era ezberdinetan eraman zen aurrera. Bullionismo izeneko teoria ekonomikoaren arabera, esaterako, metal preziatuak biltzen ziren (Espainian erabili zen: urrea eta zilarra). Bestalde, protekzionismo ekonomikoa. Ekonomi politika honek hiru helburu nagusi zituen: bertan asko produzitu, atzerrian gutxi erosi eta herrialdea bere burua hornitzeko gai izatea. Ekintza horiekin batera, atzerriko produktuei zergak kobratzen zizkieten mugetan, herrialdeko ekoizpena (artisautza) eta merkataritza babesteko asmoz.

Ikus daitekeen bezala, Amerikaren konkistak hainbat eta hainbat aldaketa ekonomiko eragin zituen, Ozeanoz bestaldeko merkataritza zela medio batez ere. Alde batetik, aberastasun ikaragarriak lortu ziren (metal preziatuak, espezieak…). Bestalde, hainbat lurralderen konkistak zirela eta, hauen administrazio eta antolaketarako erregeorderriak sortu ziren. Horrez gain, merkataritza garatu zen eta sistema ekonomiko berria, hasierako kapitalismoa, sortu zen hirietan. Gainera, Merkantilismoa deritzon teoria ekonomikoa hedatu zen Europa osoan, eta monarkia absolutuen oinarri ekonomiak antolatzeko tresna bihurtu zen. Beraz, guzti honek sekulako eragina izan zuen ekonomian bereziki eta baita gizartean ere.

No hay comentarios: